Historia

1522. urte hartan, Juan Pérez de Azcue Kapitain hondarribiarraren eta Miguel de Ambulodi jaiotzez oiartzuar eta Irungo bizilagun Kapitainaren agindupean zegoen Irun. 400 soldadu zituzten, eta gaztelua arriskuan zegoela konturatu zirelarik, Donostiara joan ziren Beltrán de la Cueva Kapitain Jeneralari informatzera. Hark 2.000 soldadu eta zalditeriako 200 gizon baino gutxiago zituen Donostiaren defentsarako, beraz, aipatzen zioten zereginaren zailtasunagatik ezezkoa eman zuen. Kapitainek esaten diote hark ezin badu beraiek egingo diela eraso nafar tropei beren etxea defendatzeko helburuarekin eta, horren aurrean, Kapitain Jeneralak esan zien Irunera lagunduko ziela infanteriako ia tropa guztiarekin eta 150 zaldunekin. Azcue eta Ambulodi kapitainek inguruko 1.500 gizon biltzea lortzen dute etsaia garaitzeko.

Gauez eta isilpean heldu ziren Aginagako Saroia bailarara. Han, Burutaran baserriko jaunak aholkatu zien zaldien kaskoak isilarazteko eta mingainak lotzeko zaldiei, irrintzi egin ez zezaten, era horretan, aurrera egiten ari ziren bitartean, armada inbaditzailea  asaldatu ez zedin. Bere aldetik, Mosén Pedro de Hirizar Errenteriako apaiza eta bizilagunak hornidurak zeuzkan eta 400 lastargi ere bai. Gauez, 400  emakume eta ume bildu zituen, eta 400 lastargiak piztuta Errege Bidetik abiatu ziren, Oiartzungo eta Errenteriako bidegurutzetik Irunerantz. Horrek frantziar-nafar armadari pentsarazi zien erasoa Irungo alde horretatik etorriko zela. Baina bitartean, Azcue eta Ambulodi kapitainek, bertako tropekin, mendiaren beste aldetik eraso zituzten frantsesak, beraz, ustekabean harrapatuta aurkitu ziren. Plan horrekin, armada inbaditzaileak ihesari ekin zion, inongo enfrentamendurik gabe.

1937an, hiria askatu zeneko lehenengo urteurrena ospatzeko irailaren 4an antolatutako ekitaldien programan jaso zen lastargien prozesioa. Fede-adierazpen hunkigarria izan zen. Prozesioan, elizatik gaueko 9etan irten zelarik, Junkaleko Andre Mariaren irudia atera zuten, ordura arte oso gutxitan gertatu zen zerbait. Milaka eliztar joan ziren kandela piztuta zituztela irudi gurtuarekin batera hondatuta zeuden kaleetan barrena: Eskoleta, Fermin Calbeton, Colon ibilbidea, España plaza, San Juan plaza eta Eliza kalea. Sekulakoa izan omen zen ekitaldia.

1998tik, Pagoki gazte-elkarte irundarrak ekitaldi hori berreskuratu zuen. Gertakari historiko hori oroitzeko ekitaldi horretan parte hartzea borondatez erabakitzen duten eskualdeko emakume eta ume guztiekin egiten da.

Urtero, ekainaren 29ko gau horretan, Errege Bideko kaleetan barrena joaten dira, garai hartako arropa jantzita eta beren lastargien argia besterik ez dutela.

Irteera gaueko 22:00etan izaten da Artaleku kaletik, Iturrino Anaiak anbulatorio parean, eta Karrika Nagusitik jaisten dira San Juan plazara, ondoren San Martzial karrika, Sargia, Larretxipi, Urdanibia plaza, Santa Elena, Ermita karrika eta Arbesko Errota ibilbidetik igaroz Artiako zubian amaitzeko. Kale horietako puntu batzuetan talde batzuk prest egoten dira lastargidunak igarotzen direnean txalaparta doinuaz isiltasuna hausteko.

Urtetik urtera, gero eta emakume eta ume gehiagok parte hartzen dute, eta aise gainditzen dute amarru historiko hartako 400 lastargidunen kopuru historikoa.

Rafa Gonzalez Merinok idatzi eta 09.06.17ko El diario Vasco egunkarian argitaratua.